XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Galeako faroa utzi eta bere etxea hustutzeko agindua eman dio gobernari zibilak Gorka Uriarteri.

Farozainik ez dago euskal kostaldean

Itsasargiak beren kabuz funtzionatzeko gai direla esaten da.

Pribatizazioaz segurtasun eza areagotu daiteke LABren ustez.

Langileekin ez bide da zuzen jokatu.

Farozainik ez dago jada gure kostaldean.

Guztiek jaso dute faroa utzi eta urtetan zehar etxebizitza izan dutena hustutzeko agindua.

Itsasargiak beren kabuz funtzionatzeko gai direla argudiatuz, ez dela farozainik behar uste dute Puertos del Estado SA enpresako arduradunek.

Arrantzaleek eta itsasgizonek urtetan gidari izan duten itsasargiaren iraupena arrisku bizian dago orain arte farozain izan direnen ustetan.

Bilbo

Iñigo Bilbao

Mar Egeo petroliuntziak jasandako istripua gogoan zuen Gorka Uriartek atzo.

Azken hamalau urteetan Galeako farozaina izan den gizon honek Bizkaiko gobernari zibilak igorritako telegrama jaso zuen joan den asteartean: Bilboko Portuko Aginteak hala eskaturik, eta dagoeneko itsas seinaleen trasferentzia gauzatu delarik, orain arte izan duzun postuagatik okupatu izan duzun etxebizitza hustu beharra dago.

Farozainen lan-egoera bat dator, erabat, itsasertzeko segurtasunarekin.

Hala uste dute behinik behin LAB sindikatukoek.

Administrazioak hartu dituen neurriak zentzubakoak dira euren eritziz, itsas-seinaleen pribatizazioaz kostaldean jasaten den segurtasun eza areagotu egiten dela uste baitute.

Madrilen utzikeria

Sindikatu abertzaleak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo faruak direla eta, hartu diren neurriak salatzeko eta, horrekin batera, Gasteizkoen jarrera ulergaitza dela adierazi zuen Joseba Izaga LABkideak, Madrilen utzikeriaren aurrean ez duelako inolako prebentzio neurririk aurrikusten.

Izagak esandakoari lortu zituen Gorka Uriartek bere adierazpenak, orain arte egin izan dituen salaketa guztiak, itsas-seinaleek jasaten duten egoera tamalgarriaren gaineko salaketak, areagotu egingo direlakoan.

Arazoaren larria ez da lanpostua bera, gu ez baikara kale gorrian geratuko; gakoa da hor dagoela milaka arrantzale eta itsasgizon guk eskaintzen diegun informazioaren eske, eta hori da gaurdanik segurtatuko ez dena, azpimarratu zuen Uriartek.

Auzia urtearekin batera hasi zen, Madrilek Puertos del Estado SA enpresaren ardurapean utzi zituenean itsas-seinale guztiak.

Geroztikakoak, bata bestearen atzetik suertatu zaizkio Uriarteri, bai eta beste farozainei ere.

Enpresak ildo danimarkarrari ekin bide dio, hau da, orain urte batzuek Danimarkan hartutako bideari.

Danimarkarrek uste izan zuten radarra eta antzeko nabigazio-sistemak aski zirela eta eurek ondo ordezka zitzaketela ordurarte erabilitako faro, baliza eta bestelako itsasertzeko seinaleztapenak, azaldu zuen Uriartek, zera gaineratu aurretik, hots, denbora gutxi behar izan zutela Ipar Europan egindako hutsaz jabetzeko.

Madrilen ez dutela horren berri dirudi eta teknologiaren aldeko apostua egin dute.

Eurek diotenez teknologiarik aurreratuena daukagu, eta hori ez da egia, azpimarratu zuen faroak zertan diren ondo dakien gizon honek: Dugun tresneriaren artean bada 1912. urteko materialik, bada gerraurreko askorik eta dugun berriena 70. hamarkadakoa da, beranduagokorik ez dago ezer.

Ez hori bakarrik, dagoena zein egoeratan aurkitzen den argitu nahi izan zuen Uriartek ze, emandako datuen arabera, Lekeitioko zein Galeako sirenak hondaturik daude aspaldian eta ez dituzte konpondu nahi izan.

Bermeoko Lamiaren Puntako faroa, berriz, gasik ez dutelako itzalirik dago aspaldidanik eta ez dirudi dirurik izango denik berriro piztu ahal izateko.

Are gehiago, ditugun faro guztiak martxa ezin hobean baleude ere, ez litzateke aski izango ze, esaterako, frantziarrek dituzten itsas-seinaleekin parekatuz gero, guk hogeita hamar seinale ditugu eurek larehun dituzten itsas-pusketa berdinean, gaineratu zuen Uriartek.

Egoera zein larria den ikusirik, dei berezia egin nahi izan zien bai partidu politikoei bai eta Administralgo autonomikoari ere.

Ez ditzagun gure kostak hondatu, aldarrikatu zuen.

Eta arazoa, funtsean, ez da laborala.

Egia da faroa utzi beharko dutela eta ez dakitela farozainek zein lan izango duten etorkizun hurbilean.

Baina egia da, halaber, funtzionari izanik ez direla kale gorrian geratuko.

Enpresak zuzen jokatu ez

Argitu beharra dago, dena den, zein izan den Puertos del Estado SA enpresaren jokabidea, ez baitu, LABkiden ustez behintzat, zuzen jokatu gizon hauekin.

Bizkaian, kasu, kontratu laborala eskaini zien abenduan funtzionari ziren zortzi farozainei.

Eskainitako baldintzak onartezinak zirelakoan, ezetza eman zuten guztiek.

Izan ere, aintzinatasuna galtzen zuten gizon hauek.

Hogeita bost urtez faro barruan, argiaren morroi izan diren gizonok eskubide guztiak galtzen zituzten, bai eta ordurarte izandako etxebizitza eta funtzionari izateak suposatzen duen lan segurtasuna ere.

Bigarren eskaintzarik izan zen, zentzu batean hobea, baina zortzitik bati bakarrik luzatu zitzaiona, Matxitxakon lanean ari zen farozainari, alegia.

Besteek ez dute aukerarik izan.

Ez dira dagoeneko farozain eta, ondorioz, etxebizitza hustutzeko zortzi eguneko epea eman zitzaien.

Hitzez jasotako agindua telegrama batez berretsi du gobernari zibilak, nahiz eta alde egiteko presarik ez dutela azpimarratzen duten beraiek:

Zentzurik ez du orain etxe bat erosten hasteak, jakinik hamabost egun barru Donostiara edo auskalo nora bidaliko gaituztela.